·

·

Googlek bilaketa emaitzak aldatuko ditu Europan: zer esan nahi du Gipuzkoako negozioentzat

Googlek aldatu egingo du Europan hotelak, jatetxeak, hegaldiak eta dendak bilatzailean nola erakusten dituen. Ez du bere kabuz erabaki: Europako Batzordeak 890 milioi euroko isuna jarri zion uztailean, eta bilatzailea zuzentzeko agindua eman. Ostatu bat, jatetxe bat edo interneten presentzia duen denda bat baduzu, komeni zaizu jakitea zer datorren.

Zer gertatu den

Uztailaren 23an, Europako Batzordeak 890 milioi euroko isuna jarri zion Googleri, Merkatu Digitalen Erregelamendua (DMA izenez ezagutzen dena) urratzeagatik. Kopuru horretatik 460 milioi jokabide zehatz bategatik dira: bilatzailean bere erosketa, hotel eta garraio zerbitzuei lehentasuna emateagatik, beste enpresen zerbitzuen kaltetan. Isunaz gain, jokabide horiek bertan behera uzteko agindua eman zion Bruselak. Erabaki ofiziala Europako Batzordearen webgunean irakur daiteke (ingelesez).

Erantzuna orain iritsi da. Irailaren hasieran, Googlek iragarri zuen zer aldaketa egingo dituen Europako emaitzetan. Eta bere erara iragarri zuen: enpresaren beraren esanetan, bere 29 urteko historiako kalitate jaitsierarik handiena da. Tonua alde batera utzita, garrantzitsuena pantailan aldatuko dena da.

Zer aldatuko den hotel bat edo jatetxe bat bilatzean

Aldaketak datozen asteetan zabalduko dira Europar Batasun osoan. Orain arte prentsak aurreratu duenaren arabera, hauek dira nagusiak:

  • Booking edo Expedia moduko konparatzaileek toki gehiago izango dute emaitzen goialdean.
  • Hotelen, hegaldien eta jatetxeen laukiak beherago agertuko dira eta funtzio batzuk galduko dituzte, uneko prezioak esaterako.
  • Hotel bilaketetan mapa bat agertuko da oraindik, baina klik batez Google Mapsera eramateari utziko dio.

Aldaketa hauek bilatzaileari dagozkio, ez Google Maps aplikazioari; horrek, oraingoz, lehen bezala jarraitzen du.

Zer esan nahi du hemengo negozio batentzat (eta zer ez den aldatuko)

Interneten bidez erreserbak jasotzen dituen ostatu edo jatetxe bat baduzu, litekeena da orain zuzenean zure webgunera iristen diren bisiten zati bat aurrerantzean konparatzaileen bidez iristea. Eta konparatzaileek komisioa kobratzen dute erreserba bakoitzeko. Horregatik, komeni da hurrengo hilabeteetan begiratzea zure erreserbak nondik datozen, banaketa aldatzen den ikusteko.

Badira aldatuko ez diren gauzak ere, eta argi esatea komeni da. Norbaitek zure negozioa izenez bilatzen duenean, lehen bezala aurkituko zaitu. Zure Googleko fitxa izango da aurrerantzean ere bertako bezeroen sarrera atea. Eta honek ez dizu inolako betebeharrik sortzen: ez duzu ezer ordaindu behar, ez ezer sinatu behar, ez izapiderik egin behar. Etxeko lanak Googlek ditu, ez zuk.

Zer egin dezakezu

  1. Berrikusi zure Googleko fitxa: ordutegiak, telefonoa, argazkiak, webgunerako esteka eta iritziei emandako erantzunak.
  2. Jarri zure webgunea egunean: karta, prezioak eta erreserbatzeko edo harremanetan jartzeko modu argi bat. Bilatzailetik bisita gutxiago iristen badira, iristen direnek dena lehen kolpean aurkitu behar dute.
  3. Konparatzaileekin lan egiten baduzu, egiaztatu zure datuak eta tarifak ondo daudela han ere.
  4. Zaindu bide zuzenak: telefonoak, WhatsAppak eta zure webguneko erreserbek ez dute Googleren beharrik.
  5. Begiratu zure estatistikak hilean behin, aldaketa nabaritzen den eta zenbateraino ikusteko.

Webgunearekin edo Googleko presentziarekin laguntza behar baduzu, horixe da hemengo negozioekin egiten dugun lana: hemen dituzu gure zerbitzuak.

Ondoran Gipuzkoako dendekin, ostalaritzarekin eta enpresa txikiekin lan egiten dugu, alde digitala egunean izan dezaten. Zurea begiratzea nahi baduzu, idatzi guri kontaktu orritik.

También puedes leer este artículo en castellano: versión en castellano.

Tu opinión

← Back

Thank you for your response. ✨

¿Te ha servido?

En Ondora queremos hacerlo lo mejor posible, y para eso nos sirve saber qué ha fallado. Dinos con total confianza qué mejorarías: lo leemos nosotras, una a una.

Zure iritzia

← Back

Thank you for your response. ✨

Baliagarria izan zaizu?

Ondoran ahalik eta ondoen egin nahi dugu, eta horretarako lagungarria zaigu zerk huts egin duen jakitea. Esaguzu lasai zer hobetuko zenukeen: guk irakurtzen dugu, banan-banan.